XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arrantzalearen sareak Arantxa Urretavizcaya.

Hurbildu nintzaionean ez nuen ia ezagutzen: izena eta lanpostua, besterik ez.

Heldu berria zen lantokira eta azkeneko pisuan egiten zuen lan, nagusien pisuan, hain zuzen, eta nik ez nuen atal horrekin harreman haundirik.

Kosta eta guzti egin zitzaidan neska hura lankide bat zela ulertzea, ez bait zuen astegunetan hain janzkera nabarmena eramaten.

Gaua zen, ordea, goiza ia ordurako, eta taberna ilun batean geunden.

Berak segituan ezagutu ninduen eta urrutitik agur deigarria egin zidan.

Horregatik hurbildu nintzaion eta talde batekin bazegoen ere tartea egin zidan bere aldamenenan, bazterreko sofa gorrian.

Jarri nintzanean bere gorputzak plastikoan utzitako beroa nabaritu nuen lehenengo eta, ondoren, usai gozo eta sarkorra, tabakoaren kiratsa bera gainditzen zuen lurrina.

Iribarre egin zidan eta berehala sartu ninduen taldearen elkarrizketan aurkezpenik egin gabe.

Handik minutu gutxitara eta musikaren zarata aitzakitzat hartuz, berarekin hizketan hasi nintzen, ez nire ekimenez, gainera.

Harrigarri bazirudien ere, atsegina iruditu zitzaidan, azalezkoa bezain ederra.

Ez nuke nik idazkaritzat aukeratuko, pentsatu nuen, agian sekula idazkaririk izan ez dudalako, baina ahaztu eta guzti egin zitzaidan nirekin zegoen kuadrila.

Lekua ezik, guztia zetorren bat, neskaren irudia, usaia, hizkera eta jarrera.

Ia belarrira hitzegiten zidan, axolagabekeriak esan arren hitz bakarra galtzeko beldurrez balego bezala.

Bitan, ezpainak nire belarrira hurbiltzerakoan bere bularra sentitu nuen besoan.

Ez nintzen bezperan jaioa eta bigarrenerako ulertu nuen loteria tokatu zitzaidala.

Dudarik gabe, pentsatu nuen, badaki zertan ari den eta lagunak etorri zitzaizkidan gogora enbidiaz ustelduak, espero nuenez.

Loteriarenak harrotu egin ninduen eta sentikizun horrek ez zuen pitzadurarik, ez bazen aspaldiko uste sendoa: luzarora, ez da komeni ligea eta lana nahastea.

Jolasa, beraz, ez zen urrutira joango baina bitartean zeruan nengoen.

Egia esan, hamaika aldiz egin dut lan gau hartan debalde lortutakoaren laurdena nireganatzeko eta azkenean eskutsik itzuli behar izan dut etxera.

Beraz, amore eman nion giroari edo hobekiago, amore ematen duenarena egin nuen eta horrelako egoeran lehenengo aldiz suertatzen banintzen ere, inolako ahaleginik gabe aurkitu nuen bidea, senaren eskuetan jartzen denaren modura.

Aldapa behera bigunean, senaren eskuetan jartzen denaren modura.

Hantxe zegoen tabernako neskarik ederrena niri begira niretzat sareak zabaltzen, eta arrai gorri bat sentitu nintzen gandorra urre kolorekoa duten arrai exotiko horietakoa.

Nire zoritxarrerako, ordea, zorionak ez zuen luzaroan iraun eta ez arrantzaleak etsi zuelako ez.

Halako batean eta aurreabisurik gabe ispilu baten aurrean sentitu nintzen.

Hor hondatu zen kontua, neskaren ahaleginak nireak gogoratu ondoren erridikuloaren usaia somatu nuenean.

Iruditu zitzaidan galduak geundela, noraezean, guretzat bakarrik existitzen zen zirko batean lanean.

Ez nion beste aukerarik eman. Handik segundo gitxitara altxa nintzen eta orain gogoan ez dudan aitzaki baten bitartekotasunaz alde egin nuen, etxera korrika, lagunei agur egin gabe, bonbaketa bati ihes egiten dionaren modura.